CrossFit-a Zer Da
CrossFit-a entrenemenduko metodoa da. Nahiko berria da gure artean, baina urte askoko esperientzia eta jarraitzaile ugari ditu Ameriketako Estatu Batuetan. CrossFit-ak oinarri gisa ariketa funtzionalak ditu, etengabe aldatzen direnak eta intentsitate handian egiten direnak. Hau da, gizakiok modu naturalean egiten ditugun ariketak dira (esertzerakoan egiten ditugun makurtzeak, esaterako), entrenamenduetan era askotan eta desberdinetan konbinatzen direnak eta oso erritmo bizian egin behar direnak.
CrossFit-aren inguruan, militarren entrenamenduarekin, bakarrik, lotzen duen uste okerra zabaldu da, duen exijentzia goreneko izaera dela-eta. Egia da, bai, segurtasun-gorputzeko kide askoren prestakuntza fisikoko programek CrossFit-eko ariketak baliatzen dituztela beren lanpostuetan beharrezkoak dituzten trebeziako eta indarreko gaitasunak garatzeko.
Baina CrossFit-a hori baino gehiago da. Gai izateko sentimendua ere bada. Eta horrek gizaki guztioi maila berean eragiten digu, zeinahi direlarik ere gure gaitasun fisikoak eta gure behar profesionalak. CrossFit-aren ezaugarririk esanguratsuenetariko bat bere izaera moldagarria da, eta horrek ahalbidetzen du, hain zuzen ere, 20 urteko atleta eta 60 urteko erretiratua elkarren ondoan entrenamendu bera egiten aritzea. Egunero wod berri bati aurre egiteak (horrela dute izena eguneko entrenamenduek) eta ahalik eta maila onena emanez gauzatzeak, ariketa bertan behera uzteko tentatzen gaituen buru barruko ahotsari aurpegi emanez, gauza garela sentiarazten digu. Eta horrek, azkenean, gure buruaz harro egonarazten digu. Horregatik diogu CrossFit-a pertsona guztiontzat dela.